Mundua eraldatzeko asmoz hartu zuten hutsik zirauen eraikina, hauts artean galdutako pareta grisak kolorez betetzeko asmoz. Balio batzuetan sinesten zuten gazte haiek: auzolana, komunitatea, antolakuntza kolektiboa, autogestioa… hau da, egun bizi dugun mundua ezaugarritzen duen logika kapitalista, patriarkal eta kolonialak sustatzen dituen balio indibidualista eta zapaltzaileetatik at eraiki zitekeen errealitatean sinesten zuten.
Horrela, eguneroko lan kolektiboaz, eta espazioa auzora zabalduz ekin zioten lanari. Bilerak eginez, kontzertuak antolatuz, hausnarketak egiteko jardunaldiak antolatuz, auzoko taldeentzako gordeleku izanez, ortua erein eta landatuz, itxura aldatuz…. Makina bat eraiki liteke gaztetxe baten jarduna.
Urte batzuk beranduago, eta ehunka lagunen joan etorria tarteko, 2008an merkatu zaharraren alboan zegoen txoridenda ere hartu zuten gazteek, proiektuari espazio gehiago eskainiz. Gaur gaurkoz, hainbat espaziok eraikitzen dute okupatutako espazioa. Eragile askoren aterpe izan da eta da Deustuko Gazte Lokala, espazio okupatu eta autogestionatuetan sinesten duten kideen gordeleku.
30 urte igaro dira orduztik, eta orduko haien lekuko zuzena dira egun gaztetxean lanean ari diren norbanako, talde eta eragile guztiak. Orduko gazteek ezarri zituzten zimenduen gainean autogestioa eta kolektiboa abiapuntu, logika kapitalistatik at doan errealitatea eraikitzen saiatzen ari diren gazteak.
Ondo dakigu bidea ez dela erraza izango, eta dagoeneko etengabeak izan dira etsaiak gure zein gainerako espazio autogestionatu zein gaztetxeen aurka egin dituen dituen erasoak; are, batzuetan lortu du espazio horiek eta bertako proiektuak hutsarazi eta eraistea. Azkenaldian gainera oldarraldia dator eta hamaika dira erasook pairatu dituzten kideak: Aurten Errotxapeako gaztetxea eta Munarri gaztetxea desalojatu eta eraitsi dituzte, Etxarri II eta Errondoko auzo etxea mehatxatu dituzte eta Arrakala, Enekuri edota Leninen txokoa gisako espazio okupatuak ere hustu dituzte. Aurretik hustu zituzten Maravillas, Hazparneko Ttarttalo edota Hondarribiko Gaztetxea edota Zizurkilgo Kaxilda. Era berean, 10 urte bete berri dira Kukutza eraitsi zutenetik.
Erasoen aurrean, ordea, erantzutea dagokigu espazio autogestionatuen eta okupazioaren defentsan dihardugun gazteei, gurea zein bestelako espazioak suntsitu nahi dituztenean aurrean izango gaituztela ozen esata dagokigu. Izan ere, errautsetatik berpiztuko gara, eta eraso bakoitzaren aurrean errresistentzia izango gara. Hala erakutsi genuen, besteak beste, 2017an guk geuk pairatu genuen desalojo arriskuan. Lau urte atzera Bilboko udalak, aurreabisurik gabe desalojo agindua helarazi zigun, postaz, irailaren 8an. Alarma gorria piztu zen gaztetxean, eta kezka indar bilakatu genuen; amorrua, erantzuna antolatzeko gogo. ‘Defenda dezagun!’ leloa izan genuen oinarri, eta hemen dirau gaztetxeak, zutik eta Deusturi eskaintza alternatiboa ematen segitzeko prest. Defendatzeak merezi zuelako.
Saiatu dira gu isilarazten, eta jakin badakigu erresistentziarako prest egon behar garela, gure espazioa eta proiektua defendatzeko prest, espazio okupatuetan txikitik baina hedatzeko bokazioz eraikitzen ernaltzen den kulturari eusteko prest. Ahoa estalita ere lanean jarraituko dugu, estutzen gaituzten kateen kontra lanean jarraituko dugu; izan ere, mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen.
Gora okupazioa! Gora okupazioa! Gora Deustuko Gazte Lolaka eta gainerako gaztetxeak! 30 urtez autogestioa lantzen!