A29 gazteok bozkatzera!
Markel Martinez, Bilboko ERNAIko kideak, ohartarazi du igandean ez dagoela ohiko txandakatzea jokoan, demokrazia liberalaren oinarriak baizik, eta gazteei etsipena ardura bihurtzeko deia egin die.

Bilbao, 26 noviembre 2026 – “Bozkatu edo ez bozkatu? Zertarako? Denak berdinak dira… Batak ala besteak, berdina egingo dute… “ bezalakoak hedatu dira gazteon artean. Eta ulergarria da etsipen puntua, gazteok etorkizuna gris ikusteko arrazoi asko ditugulako. Baina etorkizuna grisetik ilunera igaro daiteke epe laburrean eta horrek etsipena ardura bilakatzea eskatzen du.
Egia esan, estatu espainiarrean igandean izango diren hauteskundeak ez dira azken urteetakoen antzekoak. Azaroaren 29an ez dago ohiko bipartidismoaren alternantzia jokoan. Ez da “jantzi desberdineko aurpegi bera” izango. Eredu demokratikoa bera dago jokoan. Hamarkadetan bipartidismoaren oinarri izan den demokrazia liberala, haren balioak eta instituzioak daude jokoan, hain zuzen ere.
Mundu mailan hedatzen ari den olatu erreakzionario berriak, Trumpengandik Bolsonaroraino, Meloni eta Mileirengandik Abascaleraino, ezaugarri komun bat du: demokrazia liberalaren oinarriak zalantzan jartzen dituzten joeren gorakada. Nick Land edo Curtis Yarvin bezalako pentsalariek diseinatutako Ilustrazio Iluna (ilustrazioaren aurkakoa) korronte ideologikoaren gorpuzkera politikoa dira eta, erreakzioaren tradizioz, Sillicon Valley-ko oligarka teknologikoen interes ekonomikoen defentsa lanetan dihardute.
Haien ideia nagusia? Sinplea, demokrazia liberala bera zalantzan jartzea, Kapitalismoaren funtzionamendu eraginkorrerako oztopo bilakatu delakoan. Ondorioa? Sinplea ere: estatua enpresa baten antzera berrantolatzea. Botere banaketa desegin, eredu hierarkiko eta autoritarioago batera bira eginez. Hau da, orain arte ezagutu ditugun estatu liberalen egitura eta instituzio demokratikoen desegitea.
Beraz, ez. Ez da gauza bera. Igande honetan bozkatu edo ez bozkatzea ez da gauza bera izango Euskal Herrian. PP-VOX edo EH Bildu bozkatzeak ez ditu ondorio berdinak izango, gauza berbera ez direlako, alegia, eredu demokratiko desberdinen gorpuzkera direlako. Margen berdinen barruan lehiatzen dute, bai, baina izaera eta tradizio oso desberdinekoak dira. Jose Mari Pastorrek BERRIA egunkariko Bolsonaro eta bertsolaria artikuluan planteatzen duen bezala, galdetu beharko genioke, bestela, Brasileko langile zapaldu bati, miseria gorrian Brasilen jaio den norbaiti edota Bahiako emakume beltz esplotatu bati ea Lula edo Bolsonaroren politikek ondorio berdinak dituzten.
Honezkero ikasia daukagu, jakina, instituzioak neutralak ez direla, burgesak baizik. Baina ez dira estatikoak, unean uneko indar harremanak isla ditzakete, bai eta Euskal Herriaren herri eta langile sektoreen eskubideak defendatzeko balio ere. Zelai jokoa badira; eta zelai jokoa diren heinean, suntsitu nahi dituztenei ateak itxi beharko genizkieke, eskura ditugun baliabide guztiekin. Horrek ez du esan nahi, ordea, hausturarako ortzimugari uko egiten zaionik, ezta instituzioen mugak ahaztu behar direnik ere. Borrokarako tresna guztiak aintzat hartu behar ditugu, gure kontra, bestela, erabiliko baitituzte.
Are eta garrantzia gehiago hartzen du igandeko zitak gure herrian. Eskubide sozial eta nazionaletan eman daitekeen atzerakada erreala da. Euskal Herrian beti jokatu izan dugu ardura historikoaz, konplexurik gabe. Egin dezagun berriro ere!
Goazen Euskal Herriko gazteak hautestontzietan ere olatu erreakzionarioa gelditzera!
Markel Martinez, Bilboko ERNAIko kidea.
Artikulu honek sinatzailearen iritzia adierazten du, eta ez nahitaez Ecuador Etxearena.



