Reportajes

//23 urteko ibilbidea: Zirikatzenen sorrera, bilakaera eta agurra

23 urteko ibilbidea: Zirikatzenen sorrera, bilakaera eta agurra

Autogestioa izan da Zirikatzenen oinarrietako bat: ikaskuntza kolektiboa, sare militantea eta konpromiso politikoa uztartuz, aldizkaria, dokumentalak eta bestelako ekimenak sortu dira, memoria historikoaren aldeko apustu argi batekin.

2026-02-11T19:42:10+01:0010 febrero 2026|Reportajes|0 Comments

Por Zirikatzen

2003. urtean Deustuko SEGI gazte erakundearen babesarekin jaio zen ZIRIKATZEN. Tokiko gazte komunikabide sare berri bat sortzeko estrategia nazional baten barruan txertatuta. Hasieran, noizbehinka ateratzen genuen aldizkari bat. Ahal genuenean… orri gutxi batzuk, aurretik bildutako argazki eta artikulu interesgarri pare bat… testu editore batekin ahal bezala maketatu eta kalera. Gauzak egiteko gogo asko, baina baliabide eta ezagupen gutxi.

Edonola ere, proiektuak aurrera egin zuen eta, baliabide faltari, aterabide bakarra ikusi genion: Autogestioa. Bitartekoen eta ezagupenen faltak ez zuen proiektua geldituko. Beraz, programa berriak erabiltzen ikasten, behar genuen materiala erosteko dirua lortzen eta garrantzitsuena izango zena, inguruko jendearengana jotzen hasi ginen. Sare oso bat sortu genuen, gaitasun ezberdinak zituzten pertsonek, beraien lan edo jakinduria gurekin partekatzen zuten, elkartasun militante hutsagatik. Horrek guztiak proiektua gorpuztu zuen… Atal finkoak, periodikotasun gehiago, artikulu propioen sormena nagusitzea, apustu berriak martxan jartzeko grina. Ideia hauen guztien adibiderik garbiena, Herrialde Berdea dokumentala izan zen. Bi urteko lan kolektiboari esker gauzatu ahal izan zen proiektua. Apenas baliabide teknikorik gabe, kamiseta eta DVD «piratak» salduz finantzatuta eta hamarnaka Deustuarren konpromezuari esker gorpuztu zen gure memoria historikoaren aldeko apustu politikoa.

Urteak pasa eta sortutako dinamikarekin aurrera jarraitu nahi ez genuela erabaki genuen. Formatu berarekin apur bat nekatuta, aspaldidanik solasaldi informaletan agertzen ari zen «Monografikoen» kontzeptua martxan jartzeko erabakia hartu genuen. Urtean gai bakar bat landu nahi genuen, jardunaldiak eta aldizkari eta ekimenen bat aurrera eramanez, gai baten inguruan ikasi eta ikasten laguntzeko. Apustu horren isla dira, gure webgunean oraindik irakurgai dituzuen Kutxen fusioa, herri boterea, okupazioa, jai ereduaren inguruan edo ta errepresioa lantzen zituzten aleak adibidez. Monografikoaren gaia bera erabakitzeko prozesua, gai egokia aukeratu ez izanaren beldurra, gu ere trebatzeko beharra ezer egin aurretik, gaian aditua zen jende berria ezagutzeko aukera… Zenbaki bakoitzak, gogoeta, trebakuntza teoriko eta praktika prozesu oso bat suposatzen zuen gutako bakoitzarentzat. Ideia berriak eta gure ohiko lanetik aldentzeko apustuan mantendu ginen eta horren adibiderik onena, 2016ean sortu genuen FreeBilbo Androiderako aplikazioa da. 8 hizkuntza ezberdinetan, Bilbo politikoki hobeto ezagutzeko bi ibilbide ezberdin planteatzen genituen bertan. Sinistu ala ez, 1000 mugikorretan instalatuta egon zen erdi broma, erdi serio egin genuen apustu hura.

Honekin, gaur egunera arte ailegatzen gara. Beste inflexio puntu bat gure proiektuan. Jendartea asko aldatu da Zirikatzen sortu zenetik. Bai politikoki, baina baita kultural zein teknologikoki ere, eta errealitate honen aurrean, hartutako erabaki politikoen ondorioz edo ezgaitasun hutsagatik [luze hitz egin genezake horretaz], ez dugu gure tokia topatzen jakin. Gainera, 23 urte eta gero, proiektua aurrera eramatearen zama astunegia bihurtzen ari da guretzat. Horregatik, agur esateko garaia ailegatu dela erabaki dugu.

Gogora ekarri nahi ditugu, modu batean edo bestean Zirikatzenen parte izan diren kide eta lagunak. Zuek gabe hau ezinezkoa litzateke! Baita ere, Deustun gurekin urte luzez bidea egin duen eta tamalez, desagertzeko beharrean dagoen, Prest aldizkaria. Babestu ditzagun tokian tokiko komunikabideak. Eta nola ez, Euskal Herriko eta munduko borrokalari politikoei, zuen borroka gure eredu!

Deustutik eta Deustura, independentzia eta sozialismoa helburu…
SEGI ZIRIKATZEN!

Leave A Comment

Suscríbete a nuestro Boletín